Estatutuak

I. TITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Eraketa, izena eta iraupena

Otxoa de Barandika Fundazioa izeneko fundazioa eratu da, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearekin eta indarrean dauden xedapen arauemaileekin bat etorrita.

Otxoa de Barandika Fundazioa irabazi-asmorik gabeko erakundea da, eta, sortzaileek hala nahita, haren ondarea beti egongo da Estatutu hauen 3. artikuluan deskribatzen diren interes orokorreko helburuak betetzeko xedeari atxikita.

2. artikulua. Araubidea, nortasuna eta gaitasun juridikoa

Fundazioak berezko nortasun juridiko independentea izango du sortze-eskritura Fundazioen Erregistroan inskribatzen denetik, eta jarduteko erabateko gaitasun juridikoa izango du. Sortzaileek sortze-aktan bertan egindako borondate-aitorpenean, Estatutu hauetan eta lege-xedapen aplikagarrietan —bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legean— ezarritako mugak besterik ez du izango Fundazioak. Beraz, Babesletzari egin beharreko komunikazioak gorabehera, Fundazioak mota guztietako ondasun higigarriak, higiezinak eta eskubideak eskuratu, kontserbatu, eduki, kudeatu, nahi bezala besterendu eta kargatu ahal izango ditu; halaber egin ahal izango ditu era guztietako egintza eta kontratuak, maileguak jaso eta ordaindu, transakzioak eta gobernu-bidera nahiz auzibidera jo ahal izango du epaitegietan, auzitegietan eta erakunde publiko nahiz pribatuetan mota guztietako akzioak eta salbuespenak gauzatzeko, betiere antolamendu juridikoan ezarritakoaren mende.

3. artikulua. Fundazioaren helburuak

Hauek dira Otxoa de Barandika Fundazioaren helburuak:

  1. 1.     Euskal ondare kulturala sustatzea azterlan eta jarduera kulturalen bidez.
  2. 2.     Euskal Herrian baliabide ekonomiko urriko ikasleei epailetzarako ikasketak finantzatzea.

Helburu zabal horien barruan, hauek izango ditu jarduera zehatzetan behinenak eta berehalakoenak:

1)    Fundazioaren helburuak eta jarduerak behar bezala hedatzea izan litezkeen onuradunek eta interesdunek jakin dezaten zein diren.

2)    Sektorearen beharrizanak zein diren hautematea, kulturaren arloan egingo den azterlan baten bidez.

3)    Aurreko puntuak gauzatzeko behar diren baliabideak biltzea.

4. artikulua. Helburuak garatzea

Fundazioak egoki irizten dion moduan garatu ahal izango ditu bere helburuak, baita beste entitate eta erakunde batzuetan parte hartuz ere. Sortze-aktan, Estatutu hauetan eta, betiere, legeetan ezarritako mugak besterik ez du izango.

5. artikulua. Egoitza

Fundazioaren egoitza Donostiako Bera-Bera pasealekua, 51-3.B izango da (20009 posta-kodea). Patronatuak nahi bezala erabaki ahal izango du egoitzaz aldatzea; hala eginez gero, Fundazioen Erregistroari jakinarazi beharko dio. Orobat, Fundazioaren helburuak betetzean beharrizan berriak sor litezkeenez, eta ordezkaritza eta bulego berriak ireki, horien guztien egoitzak non ezarri ere erabaki ahal izango du Patronatuak.

6. artikulua. Lurralde-eremua

Fundazioak Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatuko ditu, batik bat, bere jarduerak.

7. artikulua. Onuradunak

1.- Patronatuaren iritziz laguntzak jasotzeko meritu nahikoa duten pertsona fisiko eta juridikoek jaso ahal izango dituzte Fundazioaren prestazioak.

Onuradunak izendatzeko, ekainaren 17ko Euskal Herriko Fundazioen 12/1994 Legearen 3. artikulua aintzat hartu beharko du Patronatuak.

2.- Inola ere ez dira onuradun izango aurretiaz zehaztutako lagunak, eta ezin izango zaie prestaziorik esleitu ez sortzaileei, ez sortzailearen ezkontideari edo laugarren gradura arteko senitartekoei.

3.- Fundazioak inpartzialtasunez jokatuko du beti, eta ez du diskriminaziorik egingo onuradunak aukeratzean.

4.- Inork ere ezingo du, ez banaka, ez taldeka, onurak lortzeko eskubidea duela aldarrikatu Fundazioaren edo Patronatuaren aurrean haiek oraindik esleitu gabe daudela; inork ezingo du, orobat, pertsona jakin batzuei onurok aitortzeko agindu.

Fundazioaren berezko izaera dela-eta onuradunen kopurua mugatu behar baldin bada, Fundazioaren Patronatuak egingo du horien hautaketa, izangai guztien merituak, beharrak, ahalmen ekonomikoa, eta etekina ateratzeko gaitasuna nahiz bestelako elementu objektiboak aintzat hartuta. Inork ere ezin izango ditu, ez banaka, ez taldeka, Fundazioaren edo haren organoen aurrean onurak esleitu aurretik beretzat jo; orobat, inork ezin izango du inposatu onurok pertsona jakin batzuei esleitzea.

8. artikulua. Publizitatea

Onuradun eta interesdun posibleek Fundazioaren jardueren berri izan dezaten, Patronatuak behar besteko publizitatea emango die haren helburu eta jarduerei.

II. TITULUA. PATRONATUA

I. KAPITULUA. OSAERA ETA ESKUMENAK

9. artikulua. Patronatua

Patronatua da fundazioa gobernatzeko, administratzeko eta ordezkatzeko organo gorena. Fundazioaren helburuak gauzatzeko behar diren zuzendaritza- eta kontrol-ahalmen guztiak izango ditu. Hain zuzen ere, Fundazioaren ondarea osatzen duten ondasun eta eskubideak administratuko ditu.

10. artikulua. Osaera eta iraupena

Gutxienez hiru kidek, eta gehienez zazpik osatuko dute Patronatua.

Bost urteko indarraldia izango du Patrono moduko izendapenak. Mugarik gabe hautatu ahal izango dira berriz gobernu-organoko kideak, iraupen bereko alditarako.

Osaera:

Lehendakaria: Eva Miangolarra Arocena

Lehendakariordea: Javier Chillida Ameztoy

Diruzaina: MªAsunción de Miangolarra Arocena

11. artikulua. Patronoak izendatzea eta lanpostu hutsak betetzea

Sortzaileak izendatuko du lehenengo Patronatua sortze-eskrituran.

Patrono berriak izendatu behar direnean —dela Patronatua handitu egin behar delako, dela kideen ordezkoak izendatu behar direlako—, Patronatuak berak izendatuko ditu; horretarako gutxienez kideen erdiak gehi batek eman beharko dute izendapenaren aldeko botoa.

Patrono izendatu berriek berariaz onartu beharko dute kargua, legearen 12. artikuluan aipatzen diren formuletako bat erabilita. Onarpena Fundazioen Erregistroan inskribatuko da.

Patrono-postuak hutsik geratzen badira (dela heriotzagatik nahiz ezgaitasun, desgaitze, heriotza-adierazpen, bazterketa, bateraezintasun, agintaldia amaitze, uko egite, postua utzarazteagatik edota, oro har, gobernu-organoko kidea ordeztu edo kargutik kentzeko edozein inguruabarrengatik), prozedura bera erabiliko da postua betetzeko; postua ezin izango da hutsik egon 6 hilabete baino luzeago.

Patronoen betebeharra da organo horrek Estatutu hauen 10. artikuluan xedatzen den gutxieneko kide-kopurua izatea, erabakiek balioa izango badute.

Epaileak Patronatuko kideak kargutik kentzeko erabakia hartu ahal izango du baldin eta kide horien aurka, beren kargua legearekin eta estatutu hauen 20. artikuluaren arabera behar bezalako arretaz bete ez dutela eta, erantzukizun-akzioa abiarazi bada.

Fundazioen Erregistroan inskribatuko dira gobernu-organoko kideak ordeztea, karguak utzaraztea, bai eta horiek etetea ere.

12.- artikulua. Doakotasuna

Patronatuko kideek doan beteko dute beren kargua. Hala ere, beren eginkizunak betetzean gasturik baldin badute, behar bezala egiaztatuak, horiek ordaindu ahal izango zaizkie.

13.- artikulua. Fundazioaren lehendakaria

Patronatuak bere kideen artetik aukeratuko du Lehendakaria. Horri dagokio Patronatuaren bileretarako deia egitea, bere kabuz nahiz Patronoen herenak behintzat hala eskatuta; berari dagokio, halaber, Patronatuaren eztabaidak zuzentzea eta haren erabakiak gauzatzea.

Patronatuaren Lehendakariak izango du gobernu-organo horren ordezkaritza gorena. Hari dagozkio organo horretako kide guztiek dituzten ahalmenak ez ezik, Estatutuek ematen dizkiotenak ere. Fundazioa ordezkatuko du, halaber, Patronatuaren eta Fundazioaren beste organoen erabakien ondoriozko ekintza eta kontratu guztietan, bai eta auzietan, espedienteetan, administrazio arazoetan, gobernu arazoetan, epaiketa-arazoetan nahiz epaiketatik kanpokoetan ere, halakoak gertatuz gero. Lehendakariak ahalmena du, orobat, prokuradoreei nahiz abokatuei auzietarako ahalorde orokorra emateko, helburu hori betetzeko.

14. artikulua. Lehendakariordea

Patronatuak Lehendakariordea izendatu ahal izango du bere kideen artetik; horretarako, Patrono gehienek eman beharko dute izendapenaren aldeko botoa.

Lehendakariordea Lehendakariaren ordezkoa izango da, hori absente edo gaixorik dagoenean; egoera horiek egiaztatzeko, nahikoa da haiek hala adieraztea.

Lehendakaria eta Lehendakariordea, biak ala biak, absente egonez gero, Patronoen artean zaharrenak ordezkatuko du Lehendakaria.

15.- artikulua. Idazkaria

Patronatuak bere kideen artetik nahiz horietatik kanpo izendatuko du Idazkaria. Idazkariak Fundazioaren administrazio-lanak zuzendu, dokumentazioa zaindu eta aktak prestatuko ditu. Horrez gain, aktak idatzi eta, Lehendakariaren onespena lortu eta gero, akta-liburuan idatziko ditu.

16. artikulua. Diruzaina

Patronatuak Diruzain bat izendatu ahal izango du bere kideen artean nahiz horietatik kanpo, egoki baderitzo. Patronatuak esleituko dizkio eginkizunak Diruzainari.

Diruzainaren eginkizunak hauek izan daitezke:

  1. Fundazioaren funtsak biltzea eta zaintzea.
  2. Sarrera eta gastuen balantzea aurkeztea eta sinatzea.
  3. Inbentarioen liburua, kontuena, aurrekontuena eta liburu egunkariaren ardura izatea.
17. artikulua. Fundazioaren zerbitzupeko langileak

Era berean, Patronatuak bere baitako nahiz kanpoko kide baten esku jarri ahal izango du kudeaketa, edo Fundazioaren izenean bestelako jarduerak gauzatzea; hala izanez gero, eginkizunen araberako ordainsari egokia emango zaio.

18. artikulua. Patronatuaren eskumenak

Fundazioaren gobernuak behar duen guztia kudeatzeko eskumena du Patronatuak, bereziki, honetarako:

  1. Fundazioak bere helburuak hobeto betetzeko zer orientazio izango duen xedatzea.
  2. Baliabide ekonomiko eta finantzario guztiak administratzea, baliabideon jatorria edozein izanik ere.
  3. Fundazioaren Inbentarioa, Egoera-balantzea, Emaitza-kontua, eta aurreko ekitaldiko Memoria eta sarrera eta gastuen Aurrekontu-kitapena onestea.
  4. Hurrengo ekitaldirako sarrera eta gastuen Aurrekontua onestea, bai eta horiek azaltzeko Txostena ere.
  5. Komeni bezalako barne-araubidea onestea.
  6. Batzorde delegatuak sortzea, horietako kideak izendatzea, horien ahalmenak zehaztea, eta ahalduntze orokorrak nahiz bereziak ematea, hurrengo artikuluan xedatutakoarekin bat.
  7. Zuzendaritzako karguak, kargu betearazleak eta aholkularitzakoak izendatzea eta, orobat, behar diren langile tekniko, administratibo, lan-kontratudun eta mendekoak kontratatzea, estatutu hauen 17. artikuluan agindutakoarekin bat.
  8. Fundazioaren helburuak hobeto betetzeko egin beharreko mota oroko egintza eta kontratuak formalizatzea eta onestea, zibilak, merkataritzakoak, lanekoak, administratiboak nahiz beste edozein motatakoak direla ere.
  9. Egokitzen diren proposamenak erakunde eskudunei helaraztea, gai horietan goragoko organoak erabaki behar duenean.
  10. Enpresa, entitate, erakunde eta pertsona fisikoen parte hartzea sustatzea, elkarlan teknikorako programetan zein langile kualifikatuak trebatzeko programetan; horretarako, funtsak jarri eta lankidetza-hitzarmenak sinatuko dira.
  11. Herentziak, legatuak nahiz dohaintzak onartzea eta arbuiatzea, Fundazioarentzat onuragarri iritziz gero betiere, Babesletzari horren berri emanda.
  12. Fundazioaren Estatutuak aldatzea, eratzailearen borondatea hobeto betetzeko hori beharrezkoa suertatuz gero.
19. artikulua. Delegazioak, ahalduntzeak eta batzorde delegatuak

Bere ahalmen guztiak nahiz batzuk bere kideetako bati nahiz batzuei eskuordetu ahal izango dizkie Patronatuak, honako hauek izan ezik: kontuak eta aurrekontuak onestea eta kudeaketa arrunta gainditzen duten eta Babesletzaren baimena behar duten egintzak burutzea.

Aurreko paragrafoan ezarritako mugen barruan, Patronatuak Batzorde delegatuak eta Batzorde exekutiboak sortu ahal izango ditu, eta horiek kasuan-kasuan zehaztutako ahalmenak izango dituzte. Patronatuak, halaber, ahaldun orokorrak nahiz bereziak izendatu ahal izango ditu, eta horien eginkizunak mankomunatuak edo solidarioak izan daitezke.

Fundazioen Erregistroan inskribatu beharko dira eskuordetzeak eta ahalduntze orokorrak, auzietarako direnean izan ezik; horien guztien ezeztatzeak ere inskribatu beharko dira.

20. artikulua. Patronatuaren betebeharrak

Fundazioaren Patronatuko kideek betebehar hauek dituzte:

a) Fundazioaren helburuak zorrotz bete eta betearaztea, legean eta Fundazioaren Estatutuetan xedatutakoarekin bat etorrita.

b) Fundazioaren ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak administratzea eta horien produktibitate osoari eustea, kudeatzaile on baten irizpide ekonomiko-finantzarioak aplikatuta.

c) Kargua ordezkari leialei dagokien arretaz betetzea.

21. artikulua. Autokontratazioaren debekua

Patronatuko kideek ezin izango dute kontraturik egin Fundazioarekin, ez beren izenean, ez beste inoren izenean, Babesletzak baimena eman ezik.

22. artikulua. Erantzukizuna
  1. Patronatuko kideek legeek ezartzen duten moduko erantzukizuna dute Fundazioarekiko.
  2. Ez dute erantzukizunik izango, ordea, erantzukizuna eragin duen erabakiaren aurka egin dutenek edo hura hartzen parte hartu ez dutenek, non eta ez den frogatzen erabakiaren berri izanik ez zutela bere desadostasuna adierazi.
  3. Jurisdizkio arruntean gobernu-organoei erantzukizuna galdatzeko akzioa, halakorik egiten bada, Fundazioen Erregistroan inskribatuko da; bai eta horren ondorioz ematen den epai irmoa ere.
  4. Babesletzak erantzukizuneko egintza hori exekutatu ahal izango du, bere kabuz edo interes legitimoa duenak hala eskatuta. Fundatzaileak ere exekutatu ahal izango du akzio hori, baldin eta Patronatuko kideen jarduna Fundazioaren helburuen aurkakoa bada edo helburu horien kaltean gauzatzen bada.

2. KAPITULUAPATRONATUAREN JARDUTE-ARAUBIDEA

23. artikulua. Barne-jarduera

Patronatuak, urtean BI bilera egingo ditu, gutxienez. Urteko lehen sei hileetan bildu behar da nahitaez honako hauek onesteko: aurreko ekitaldiko Aurrekontuaren Likidazioa, Inbentarioa, Jardueren memoria, aurreko ekitaldiko Egoera-balantzea eta Emaitza-kontua, estatutu hauen 30. artikuluan ezarritakoaren arabera. Era berean, laugarren hiruhilekoan, hurrengo ekitaldirako aurrekontua onetsi egingo da, aurretiaz deialdia eginda. Onespen hori Babesletzari igorriko zaio, abenduaren 31 baino lehen.

Patronatuaren bileretarako deialdiak idatziz egingo dira. Deialdian, lehendakariak erabakitako gai-zerrenda izango da; gai-zerrenda erabakitzeko, lehendakariak kontuan hartuko ditu gobernu-organoko kideak egindako iradokizunak. Bilera-eguna baino 10 egun lehenago egin behar da, gutxienez, deialdia, premiazko kasuetan izan ezik; kasu horietan, epea hiru egunera labur daiteke.

24. artikulua. Eratzea eta erabakiak hartzea

Patronatua balioz eratuta geratuko da lehen deialdian baldin eta kideen erdiak eta bat gehiago bertaratzen badira, fisikoki nahiz ordezkari bidez.

Aurreko paragrafoan aipatu quoruma lortu ezean, ordubete geroago bilduko da Patronatua; bigarren bilera horretan, nahikoa izango da gutxienez Patronatuaren HIRU kide egotea, baldin eta horien artean Lehendakaria edo Lehendakariorde titularra badago.

Aurrekoa gorabehera, Patronatua biltzeko deia egina dela ulertuko da beti, eta Patronatua balioz eratuta geratuko da, baldin eta kide guztiak elkartzen badira eta guztiek aho batez onartzen badute bilera egitea.

Erabakiak hartzeko, botoen gehiengoa lortu behar da, honako kasu hauetan izan ezik:

  1. Aldatzeko, bat-egiteko eta azkentzeko erabakien kasuan, nahitaezkoa izango da Patronatuko kideen bi herenek erabakiaren aldeko botoa ematea.
  2. Estatutuotan botaziorako beste quorum bat ezartzen bada, hori bete beharko da.

Berdinketa izanez gero, Lehendakariaren botoak erabakiko du. Patronatuaren bilera bakoitzaren Akta egingo du Patronatuaren Idazkariak. Aktak zehaztuko du zein tokitan eta egunetan egin den bilera, nor bertaratu den, zer gai eztabaidatu diren eta zer erabaki hartu diren.

III.- TITULUA. ONDAREA ETA ARAUBIDE EKONOMIKOA

I. KAPITULUA. OSAERA, ADMINISTRAZIOA ETA ZAINTZA

25. artikulua. Fundazioaren ondarea

Orotariko ondasun eta eskubideek osatuko dute Fundazioaren ondarea, baldin eta balio ekonomikoa badute.

Fundazioak lege-arau guztiak beteko ditu erabakiak hartzean eta administrazio-ekintzak egitean, eta berari dagozkion helburuetarako erabiliko ditu horien etekinak edo errentak, beti ere, estatutu hauekin bat.

26. artikulua. Baliabideak

Fundazioaren ondareak honako osagai hauek izango ditu:

a) Hasierako zuzkidura, eratze-eskrituran agertzen dena.

b) Sortzaileen eta atxikien ekarpenak eta kuotak; horiek ohikoak zein ezohikoak izan; eta, berebat, Patronatuko kideek borondatez ordaindu nahi dituzten kuota eta ekarpena ohiko zein ezohikoak.

c) Etorkizunean, eta zuzenbideak onartutako edozein bide erabilita, Fundazioak eskuratzen dituen ondasun eta eskubideak; eta bereziki, beste pertsona, erakunde eta instituzio batzuek ematen dizkion legatuak, dohaintzak, ekarpenak eta diru-laguntzak. Babesletzari eman beharko zaizkio dohaintzak, legatuak eta herentziak onartu izanaren berri.

d) Ondareak eta Fundazioaren jarduerak sortzen dituen errenta, produktu eta etekinak, bai eta Fundazioak eskaintzen dituen zerbitzuen ordainsariak ere, indarrean dauden legeen arabera.

e) Beste edozein baliabide, legeria aplikagarriaren esparruan.

27.- artikulua. Ondarean izandako aldaketak

Fundazioaren Patronatuak, uneoro, eta, egoera ekonomikoaren arabera zer komeni den kontuan hartuta, behar den guztietan aldatu eta behar beste bihurtu ahal izango du Fundazioaren kapitala; beti ere Fundazioaren kapitalak bere balio efektiboari eta erosahalmenari eusteko, balio nominala gorabehera.

28.- artikulua. Fundazioaren ondarea zaintzea

Fundazioaren ondarea zaintzeko eta jagoteko, erregela hauei jarraituko zaie:

a) Fundazioaren ondareko ondasun eta eskubideak Fundazioaren izenean egon, haren inbentarioan agertu eta, hala denean, kasuan kasuko erregistroetan inskribatuta egon beharko dute.

b) Ondasun higiezinak eta eskubide errealak Fundazioaren izenean inskribatuko dira Jabetza Erregistroan. Gainerako ondasunak inskribatzeko modukoak badira, egokitzen den erregistroan inskribatuko dira.

c) Fundazioa titular duten baloreak, eskudirua, jabetza-tituluak, gordailu-gordekinak eta, oro har, jabaria, edukitza, erabilera, gozatzea eta beste edozein eskubideren egiaztagiriak, Patronatuak erabakitzen duen erakundean gordailutuko dira Fundazioaren izenean.

d) Gainerako ondasun higigarriak Patronatuak erabakitzen duen moduan zainduko dira.

Ondasun edo eskubide horiek guztiak Inbentario-liburuan aipatuko dira. Liburu hori Patronatuko idazkariaren ardurapean egongo da, eta bertan, Patronatuaren ikuskaritzapean, horiek identifikatzeko eta deskribatzeko beharrezkoak diren inguruabar guztiak agertuko dira.

II. KAPITULUA. ARAUBIDE EKONOMIKOA

29. artikulua. Ekitaldi ekonomikoa

Ekitaldi ekonomikoa urtean urtekoa izango da, eta urtea naturalarekin bat etorriko.

Fundazioak, ekitaldi ekonomiko bakoitzeko, aurrekontu arrunta prestatuko du, eta sarrerak eta gastuak modu orekatuan jasoko dira han.

Aurrekontu hori, azalpen-txostenarekin batera, Babesletzari aurkeztuko zaio urteko azken hiruhilekoan, hark onesteko.

30. artikulua. Ekonomia- eta kontabilitate-arloko betebeharrak

Patronatuak prestatuko ditu Inbentarioa, Egoera-balantzea eta Emaitza-kontua; horietan islatuko dira Fundazioaren ondare-, ekonomia- eta finantza-egoera. Halaber, urtean zehar egindako jarduerei buruzko memoria prestatuko du Patronatuak, bai eta ondarearen kudeaketa ekonomikoari buruzko txostena ere, Fundazioaren helburuak eta lege-arauak bete direla jakin eta egiaztatzeko behar bestekoa. Patronatuak, halaber, aurreko urteko sarrera eta gastuen aurrekontua kitatuko du; eta horretarako, legearen xedapenak beteko ditu.

31. artikulua. Kontuak ematea

Urtero, urteko lehen sei hileetan, bere kudeaketa Fundazioaren helburuekin bat etorri dela egiaztatu beharko dio Patronatuak Babesletzari, Fundazioei buruzko Legearen 27. artikuluaren arabera.

III.- KAPITULUA. BALIABIDEAK FUNDAZIOAREN HELBURURAKO ERABILTZEKO ARAUAK

32. artikulua. Diru-sarreren erabilera eta administrazio-gastuak
  1. Fundazioaren ondasunak eta errentak haren helburuak betetzeari zuzen-zuzenean lotuta daudela ulertuko da.
  2. Fundazioak aldian-aldian programatuko ditu bere xedeari berezko zaizkion jarduerak; eta, horretarako, urtero-urtero, prestazioen plangintza egingo da, eta hori nola gauzatu eta esleituko den erabakiko da.
  3. Errenta garbien eta bestelako diru-sarreren % 70, gutxienez, direnak direla eta lortzen badira bederen, Fundazioaren helburuak betetzeko erabiliko dira horiek lortu eta hiru urteko epean. Betiere, horiei guztiei dagozkien zergak kenduta.

Eratze-unean edota geroagoko une batean ekarpenak egiten badira ondare-zuzkidura gisa, ekarpenok betekizun horretatik salbuetsita geratuko dira.

Gainerako diru-sarrerak Fundazioaren sortze-zuzkidura handitzeko erabiliko dira, administrazio-gastuak kendu eta gero. Gastu horiek ezingo dira izan % 20tik gorakoak, salbu eta Fundazioak eskaera arrazoitua eginda Babesletzak horretarako berariaz ematen badu baimena, indarrean dauden lege- nahiz erregelamendu-xedapenetan agindutakoaren arabera.

IV. TITULUA. ALDATZEA, BAT EGITEA ETA AZKENTZEA

33. artikulua. Aldatzea

Fundazioaren Patronatuak Estatutu hauek aldatzea sustatu ahal izango du, baldin eta, betiere, Fundazioaren helburuak betetzeko komeni bada. Aldatzeko erabakia hartzeko, Patronatuko kideen bi herenek eman beharko dute, gutxienez, aldeko botoa.

34. artikulua. Bat-egitea

Patronatuak erabaki ahal izango du, halaber, beste erakunde batzuekin bat egitea, baldin eta horrekin Fundazioaren xedeari behar bezala eusten bazaio. Erabakiak zioduna izan beharko du, eta Patronatuko kideen bi herenek eman beharko dute, gutxienez, haren aldeko botoa.

35. artikulua. Azkentzea

Fundazioa azkenduko da:

  1. Kode Zibilaren 39. artikuluan nahiz bestelako legeetan ezarritako edozein arrazoi gertatzen denean.
  2. Bat-egite prozesu batek halakoa dakarrenean berekin.
  3. Epailearen ebazpen irmo batek Fundazioa desegiten duenean.
36. artikulua. Azkentze-prozedura

Aurreko artikuluaren 1. eta 2. paragrafoek ezarritako kasuetan, Fundazioa azkentzeko, Patronatuak hala erabaki eta Babesletzak berretsi egin beharko du.

Azkentze-erabakia betiere zioduna izango da, eta ondare-egoera eta likidazio-programa adieraziko dira bertan.

Gobernu-organoak erabakia hartu ezean edo Babesletzak erabakia berretsi ezean, Fundazioa azkentzeko nahitaezkoa izango da epaileak ebazpen zioduna ematea; hala denean, Babesletzak edo Fundazioaren organoak eragin ahal izango du ebazpen hori.

Fundazioen Erregistroan inskribatuko da azkentze-erabakia, edo, hala denean, epailearen ebazpen zioduna.

37. artikulua. Likidazioa

Fundatzaileak sortze-eskrituran aipatutako borondatearekin bat, Fundazioaren likidaziotik geratzen diren ondasun eta eskubideak Patronatuak, haren izpiritua aintzat hartuta, erabakitzen duen interes orokorreko helburuetarako erabiliko dira. Patronatuak hori egin ezean, Babesletzak beste fundazio edo erakunde batzuei helaraziko dizkie ondasun eta eskubide horiek, baldin eta fundazio edo erakunde horien helburuak eta azkendutako fundazioarenak antzekoak badira; horien artean lehentasuna izango dute egoitza udalerri berean, edo, halakorik ezean, lurralde historiko berean dutenek.

V. TITULUA. BABESLETZA ETA FUNDAZIOEN ERREGISTROA

38. artikulua. Babesletza

Fundazioa Babesletzaren zaintza, aholkularitza eta kontrolpean dago, indarrean dauden legeek xedatzen duten moduan.

39. artikulua. Fundazioen Erregistroa

Fundazioaren eraketa, bai eta legearen arabera inskribatu beharreko egintza edo negozio juridiko guztiak ere, legearen arabera eskudun suertatzen den Fundazioen Erregistroan inskribatuko dira.

I. ADDENDA

VI. TITULUA. FUNDAZIOAREN LAGUNTZAILEEN ARAUBIDE JURIDIKOA

40. artikulua. Laguntzaile atxikiak

Sortze-eskritura egin eta gero, Fundazioaren xedea betetzeko jarduera lagungarri izan lezaketen pertsona fisikoak edo juridikoak laguntzaile atxiki gisa atxiki ahal izango zaizkio Fundazioari.

Halako atxikitze-eskaerak jasotzen direnean, erabateko gehiengoz onetsi beharko ditu Patronatuak. Patronatuak finkatuko du, halaber, zer laguntza ekonomiko eman beharko duten hautagaiek. Laguntzaile horiek Patronatuan parte hartu ahal izango dute, horrek hala erabakiz gero.

41. artikulua. Ohorezko laguntzaileak

Patronatuak ohorezko laguntzaile izendatu ahal izango ditu Fundazioaren xedea lortzeko laguntza aipagarria eman edo ematen duten pertsona fisiko edo juridikoak.